31/1995 Lan-arriskuen prebentziorako legeak enpresetan lan-arriskuen prebentzio-ekintzak burutzeko aukera garrantzitsuena Kanpoko Prebentzio-Zerbitzua dela adierazten du. Horrela, azken 10 urteotan enpresen %90ek hautatu dute baliabide hau.
Beraz, Kanpoko Prebentzio-Zerbitzua enpresen eskura dagoen prebentzio eredu esanguratsuena da. Lan Autoritateak bermatuta, erakunde espezializatutzat jotzen da. Segurtasuna, Higiene Industriala, Ergonomia, Psikosoziologia Aplikatua eta Lan Medikuntza (Osasunaren Zainketa) bezalako espezialitate prebentiboetan aholkularitza emateko baliabide beharrezkoak ditu; baita hauek behar bezala jorratzeko giza baliabide eta baliabide materialak ere.
Kanpoko Prebentzio-Zerbitzuen funtzioak bi talde handitan sailkatzen dira:
- Lehengo taldeak prebentzioa enpresan integratzeko enpresariari ematen zaizkion aholkularitza eta asistentzia biltzen ditu (hau da, lan-arriskuen prebentziorako planaren diseinurako, ezarpenerako eta aplikaziorako). Halaber, talde honetan sartzen dira honako hauei zuzendutako Kanpoko Prebentzio-Zerbitzuetako ekintzak (KPZ hemendik aurrera):
- prebentzioaren integrazioa bultzatzea
- kudeaketa sistema orokorrean prebentzioaren integrazioa bermatzea
- KPZ eta enpresaren arteko informazio truke egokia ziurtatzea, eta honek egindako kontsultez arduratzea
- Prebentzioaren integrazioa baloratzea
- Langileei egindako kontsultak aintzat hartuta, enpresariari aholkularitza ematea
- Bigarren taldeak ekintza espezializatuak biltzen ditu, eta hauen kudeaketa eta gauzatzea bereziki KPZri dagokio:
- Arriskuen ebaluazioa
- Ekintza prebentiboaren planifikazioaren proposamena
- Langileen informazioa eta trebakuntza
- Langileen osasunaren zainketa